Mostrando entradas con la etiqueta zoriontsu. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta zoriontsu. Mostrar todas las entradas

martes, 13 de diciembre de 2011

Arimarentzako musika

Islandiako haizea bezalakoa, horrelakoa da Sigur Rósen musika arimarentzat. Hotza, baina ederra. Bizirik gaudela gogoratzen diguna. Lasaitasunean, zoriontasuna aurkitzen laguntzen diguna.

Seguraski, ez da lehen entzunaldian liluratuko zaituen taldea. Abestiak behin baino gehiagotan entzun behar dira (aurikularrekin hobeto) taldeak duen dimentsioa ulertzeko. Barruraino sartzen den talde horietako bat da Sigur Rós, "garaipenaren arrosa" islandieraz.

Abestiez ari naiz. Abesti hutsez. Eta horiek sorrarazten duten sentzazioez. Sigur Rós entzutean itsaso erdian, uretan etzanda sentitzen dut nire burua. Bakarrik, baina bakean. Zoriontsu. Islandiako paisai gogor zein ederrak ere etortzen zaizkit burura. Taldea geografikoki kokatzeak zerikusia badu. Baina, kasu honetan, ezin uka daiteke Islandiako mesetako soinu banda perfektua denik Sigur Rós.


Taldea hobeto ezagutzeko, aipatu, lau lagunek osatzen dutela. Izen luze eta arraroak (islandiarrak) dituzte, baina, zorionez ezizen askoz errezagoz dira ezagunak. Horrela baditugu, taldeko abeslaria Jónsi, baxujolea Goggi, piano jolea Kjarri eta bateria-jolea Orri. Jónsi, Goggi, Kjarri eta Orri. Pailazo talde baten izenak ematen badute ere, euren atzean talentu handiko lau musikari ezkutatzen dira.

Talentua. Ez baitut beste hitzik aurkitzen  ( ), Takk edo Með suð í eyrum við spilum endalaust bezalako disko hain ezberdin, eta, bakoitza bere erara, hain zoragarri egin dituen taldea definitzeko.

Ez naiz gehiago luzatuko. Besterik gabe gozatu talde islandiar honen perla batekin. Ará Bátur da altxor hori, txalupa esan nahi duena. Londreseko Abbey Road estudio mitikoetan grabatu zen, toma batez, eta 90 pertsona batera agertzen dira bertan jotzen eta abesten. Aipatzekoak, abestiaren in crescendoa, eta Jónsiren ahotsa eta falsettoa. Biak, ileak tente jartzeko modukoak.